clil: media

Etxahun Gonzalez Sarria 2018/11/12 Donostiara egindako irteera, Zubialdeko ikasleak eta europarrak / Zubialde

Europako hemeretzi ikasle Zeberioko eskolan izan dira aste batez

Etxahun Gonzalez Sarria 2018/11/12 Donostiara egindako irteera, Zubialdeko ikasleak eta europarrak / Zubialde

Txekia, Finlandia, Polonia eta Letoniako hemeretzi ikasle eta herrialde bakoitzeko bina irakasle izan dira Zeberion, azaroaren 5etik 11ra. Zubialde eskolako 6. mailako ikasleak ere Finlandiara eta Txekiara joango dira, urtarrilean eta maiatzean.

Zeberioko Zubialde eskola Europako lau ikastetxeren arteko topagunea bihurtu da aste batez. Herrialde ezberdinetako kultura ezagutu, metodologia eta hezkuntza sistema desberdinez ikasi eta elkarren arteko bizikidetza sustatzeko helburuarekin, Txekia, Finlandia, Polonia eta Letoniako eskolek, Zeberioko eskolarekin batera, proiektu amankomuna garatzen dute urtero, Eramus+ programaren barruan. Hala, eskola hauetako umeek eta irakasleek proiektuan parte hartzen duten herrialdetara bidaiatzeko aukera dute. Azaroaren 5etik 11ra bitartean Zeberion izan dira Europako hemeretzi ikasle eta zortzi irakasle: "Ikasleak eskolako familien etxeetan izan dira, 5. eta 6. mailako gure ikasleekin batera. Komunitate osoa elkarrekin aritzeko aukera ederra izan da, gurasoek seme-alaben heziketa eta ikasketa prozesua gertutik bizitzeko. Izan ere, proiektua aurrera ateratzeko ezinbestekoa da gurasoen parte hartzea", azaldu du Nuria Kortak, Zubialde eskolako zuzendariak. Zeberioko 6. mailako ikasleak bi txandatan joango dira Europara, urtarrilean Finlandiara eta maiatzean Txekiara.

Izaskun Garrote ingeleseko irakasleak eta eskolako zuzendaritzak koordinatzen dute ekimena, ikasleekin batera egiten dituzten bidaietan izaten dituzten bileren bitartez eta bideo konferentzien bitartez. Hala, eskola guztien artean unitate didaktikoak eta ikasteko materialak sortzen dituzte.

Eskolan egindako ekintzez aparte, hainbat irteera egin dituzte elkarrekin. Besteak beste, Guggenheimen, Gaztelugatxen eta Donostian izan dira / Zubialde

Bata bestearen irakasle
Aurtengo ikasturteko proiektuan bost herrialdeetako hizkuntzak lantzea izan dute helburu, esku-lanen bitartez: "Herrialde bakoitzak bere hizkuntza irakasteko behar dituen hizkuntza egiturak eta hiztegia prestatzen ditu eta sormenaren bidez lantzen ditugu ondoren. Besteak beste, sukaldaritza, zeramika edota material birziklatuarekin egindako eskulanak erabili ditugu ikasbide bezala. Hizkuntzen aniztasunari gorazarre egiteko eta gure hizkuntza ezagutarazteko aukera paregabea dugu", dio zuzendariak. Gauzak horrela, bata bestearen irakasle eta ikasle izan dira Zeberioko ikasleak eta Europatik etorritakoak. Ikasle nagusientzat bereziki zuzendutako proiektua bada ere, zuzendariak azaldu du eskola osoak parte hartzen duela: "Zubialde osatzen dugun guztioi egokitu zaigu zerbait egitea. Txikienek adibidez, ongi etorria egiteko kartulinak egin dituzte, 2. ziklokoek zenbait jolas antolatu dituzte europarrekin batera egiteko... Zeharka bada ere, aste berezia izan da guztiontzat".

Eskolatik kanpo ere, hainbat ekintza antolatu dituzte: Zeberioko Errementari museoa bisitatu dute, Ermitabarriko parrokian izan dira, Guggenheimera joan dira, Bermeo eta Gaztelugatxe erakutsi diete eta Donostiara irteera antolatu dute. Gurasoen elkarteak ere luntxa prestatu du herriko plazan, guztiek elkarrekin arratsalde pasa egin dezaten Zeberion: "Euskaldunak munduan non gauden eta gure egunerokoaz aditzera emateko aukera izan dugu", dio Nuriak. "Nortzuk garen eta nola lan egiten dugun erakutsi ahal izan dugu, ikasleei bestelako ikasketa bidea eskaini diegu, beste kulturekiko errespetua landu dugu eta eskolari eta euskarari identitatea eman diogu, guztiok irabazi dugu zerbait proiektu honekin", adierazi du Zubialdeko zuzendariak.

https://www.geuria.eus/herriak/zeberio/zeberio-zubialde-ikasleak-2019-finlandia/

Zeberioko Zubialde eskolako seigarren mailako ikasleak Finlandiara bidean dira

Etxahun Gonzalez Sarria 2019/01/21 Azaroan Zeberion izan ziren Europako 19 ikasle / Zubialde Eskola

Urtarrilaren 21etik Nivala (Finlandia) herriko ikasleekin izango dira Zeberioko lau ikasle eta bi irakasle, astebetez. Gainontzeko ikasleek maiatzean egingo dute elkartrukea Txekiako eskola batekin.
Herrialde ezberdinetako kultura ezagutu, metodologia eta hezkuntza sistema desberdinak ikasi eta elkarren arteko bizikidetza sustatzeko helburuarekin, Txekia, Finlandia, Polonia eta Letoniako eskolek, Zeberioko eskolarekin batera, proiektu komuna garatzen dute urtero: Erasmus+ programa. Proiektu honi esker, Zubialde eskolako seigarren mailako bederatzi ikasleek Europan barrena bidaiatuko dute aurten.

Hain zuzen ere, urtarrilaren 21ean Finlandiara bidean izango dira Zubialde eskolako seigarren mailako lau ikasle, Nivala herriko eskolako ikasleekin batera aste beteko hezkuntza programa garatzeko. Aurtengoan, parte hartzen duten herrialdeetako hizkuntzak lantzea dute helburu, eskulanen bitartez: "Herrialde bakoitzak bere hizkuntza irakasteko behar dituen hizkuntza egiturak eta hiztegia prestatzen ditu, eta sormenaren bidez lantzen ditugu ondoren. Sukaldaritza, zeramika edota material birziklatuarekin egindako eskulanak erabili ditugu ikasbide bezala. Hizkuntzen aniztasunari gorazarre egiteko eta gure hizkuntza ezagutarazteko aukera paregabea dugu", dio Nuria Korta zuzendariak. Ikasleekin batera Zubialde eskolako bi irakasle joango dira Finlandiara: tutorea eta ingeleseko irakaslea. "Eguneroko hezkuntzari balio erantsia gehitzeko bide bikaina da programa hau: kanpora irten, mundua ezagutu eta besteek egiten dutenetik ikasi", azaldu du zuzendariak. Batzuk Finlandiara, eta beste batzuk Txekiara. Maiatzean Zubialdeko bost ikaslek astebeteko egonaldia egingo dute Txekian.

Europarrak Zeberion
Txekia, Finlandia, Polonia eta Letoniako hemeretzi ikasle eta herrialde bakoitzeko bina irakasle izan ziren Zeberion azaroaren 5etik 11ra. "Ikasleak eskolako familien etxeetan izan ziren, 5. eta 6. mailako gure ikasleekin batera. Komunitate osoa elkarrekin aritzeko aukera ederra izan zen, gurasoek seme-alaben heziketa eta ikasketa prozesua gertutik bizitzeko. Izan ere, proiektu hau aurrera ateratzeko ezinbestekoa da gurasoen parte hartzea", azaldu du Nuria Kortak.
Halaber, Zubialde eskola osoaren inplikazioa azpimarratu du zuzendariak: "txikienek ongi etorria egiteko kartulinak diseinatu zituzten, 2. ziklokoek zenbait jolas antolatu zituzten europarrekin batera egiteko... Zeharka bada ere, aste berezia izan zen guztiontzat". Eskolaz kanpo ere, Zeberioko Errementari museoa eta Ermitabarriko parrokiara ibilaldia, Guggenheimera irteera eta Bermeo, Gaztelugatxe eta Donostia bisitatu zituzten elkarrekin.

ZEBERIOKO ADINEKOEK ARDILANA ZER DEN AZALDU DIETE GAZTEEI

https://www.geuria.eus/herriak/zeberio/bideoa-ardilana-zeberio-eskola-2019-adinekoak/

Irakasgai berezia izan dute Zeberioko ikasleek gaurkoan: matematikak eta ingelesa tarte batez albo batera utzi eta ardilana zer den ikasi dute Zubialde Eskolan. 90 urteko Asun Etxebarria eta 77 urteko Fede Zabala zeberioztarrak arduratu dira irakasgaia emateaz, Gure Indarra Jubilatuen Elkarteko kideen laguntzaz. Urte luzez ardilanean ibilitakoak dira Asun eta Fede, Zeberion. Ardien artilea eskuz kardatu, haria erein eta harekin abarkentzako trailak (artile beltzarekin egindako kordela) egiten zituzten, baita negurako txapinak (artile zuriz egindako galtzerdiak) ere. Lanbide zaharrean erabiltzen zituzten erremintak eraman dituzte eskolara: artilea kardatzeko ardatza, haria iruteko txabilea eta gorue, landutako artilezko galtzerdiak, trailak... Eskuz eta erreminta horiekin egindako ardilana desagertutako lanbidea da kasik. Egun makinaz egiten dira artilezko galtzerdiak eta trailak, ehundaka egin ere ziztu bizian.

Ikasleek adi-adi entzun dituzte jakitunen azalpenak, eta bertatik bertara ikusi ahal izan dute ardilan lanbide zaharraren jarduna. Tailerrarekin hasi baino lehen, Zeberioko adinekoen euskararen balioaz ohartarazi ditu ikasleak Nuria Korta zuzendariak: "Orain entzungo duzuena gure altxorrik preziatuenetakoa da. Ondo entzun, guk ez dugulako inoiz eurek erabiltzen duten euskara aberatsa edukiko".

Introduce un texto aquí...

ZUBIALDE HLHI
Sautuolabarri8E
Creado con Webnode
¡Crea tu página web gratis! Esta página web fue creada con Webnode. Crea tu propia web gratis hoy mismo! Comenzar